XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arkitektura

Arkitektura, edifizioak eraikitzeko artea eta zientzia da.

Hasieran, gizakiak, bere buruaren gainean sabaia izateko bakarrik eraikitzen zuen eta horretarako pilareak edo zutabeak bakarrik behar ziren.

Sabaia bera estalki gisa soilik eraikitzen zen zurezko habe edo harri-bloke handien bidez.

Harri-Aroko cromlechak printzipio hau jarraituz eraiki ziren, tenplu egiptiar eta greziarrak bezalaxe, beren eusteko zutabeak zituztela.

Itxitako gela batek paretak behar ditu.

Hauek armazoi bat eraiki eta lastoz edo buztinez betez egin daitezke, edota ohol edo enborrekin altxatuz, edota harriak nahiz adreiluak erabiliz.

Hala ere, antzinateko eraikuntza monumental zaharrenak bloke handiz eraikiak ziren.

Hau garbi ikus daiteke adreiluz egindako zigurat izeneko tenplu-dorre sumerioetan, edota harri-bloke izugarriz egindako egiptiar piramide bikainetan.

Arkua eta ganga aurreratutako arkitektur asmakizunak dira eta kupulen eraikuntza ahalbidetu zuten, hots, orokorki, oinarri zirkularra edo beste mota batekoa izanik eraikitako esferaerdia.

Teknika hau asko garatu zen Ekialde Hurbilean eta jauregi pertsiarretan ongi ikus daiteke hori.

Etruskoek oraindik are gehiago erabili zuten eta erromatarrek ere bereganatu egin zuten, beren arkitektur proiektu handiak, akueduktuak eta garaipen-arkuak eraikitzeko.

Kupuladun eraikin erromatar nabarmenena, Erromako Panteoia da.

Basilika erromatarrak, kristau-kulturako eraikinik garrantzitsuenentzako eredutarako balio izan zuen: Elizak egiteko alegia.

Ekialdeko Europan bizantiarrek beren estiloa landu zuten eta Santa Sofiako maisu-obran gauzatu egundoko kupula.

Mendebaldeko Europan, estilo erromanikoa sortu zen horma beteekin, puntu-erdiko arkuekin eta gangekin.

Geroztik, XII. mendean estilo gotikoa sortu zen Frantziaren iparraldean.

Arku apuntatuzko bere egitura dotoreak, nerbiodun gangek eta arbotante-sistemek, altuera sinestezineko eraikinak altxatu ahal izatea ahalbidetu zuten.

Errenazimendua, XV. mendeko Italian azaldu zen Erdi Aroko estilo gotikoarekiko erreakzio bezala eta artearen gainerako arloek bezalaxe, Inperio Erromatarraren ereduetara itzultzea ekarri zuen.

Errenazimenduko arkitektoek lehengo arku eta zutabeak erabili zituzten, lerro horizontalak azpimarratu eta formen oreka-, baretasun- eta simetri ideala lortzen saiatu ziren.

Barrokoak, askatasun gehiagoz erabili zituen kontzeptu berberak, dinamismo nabarmena itsatsi zion arkitekturari, kontraste-aberastasuna eta handitasuna eskainiz.

XVIII. mendean, Rococo-ak barrokoaren duintasun harroa arindu zuen, nahiz eta nagusiki eta batez ere dekorazio-estiloa izan.

Neoklasikoa, berriz, XVIII. mendearen erdialdera azaldu zen eta berriro ere greziar eta erromatar eredu klasikoak onartu zituen.

XIX. mendea imitazioena (Neogotikoa adibidez) eta estilo-nahasketena izan zen.

Altzairua eta hormigoia bezalako material berriek, ikuspegi berriak ireki zituzten eta industriak nahiz etxebizitzek ere beharrizan berriak planteatu zituzten.

Arkitektura-estilo berria sortzeko saioak egin ziren, hala nola Jugend-stil edota erromantiko nazionalista, baina eraginik indartsuena, doktrina funtzionalistatik sortu zen eta honen arabera, funtzioak edo zertarakoak bakarrik erabaki behar du arkitektura-diseinua.